Edukira joan

Cruz Gallastegi

Wikipedia, Entziklopedia askea
Cruz Gallastegi

Galicia Biological Mission (en) Itzuli zuzendari

Bizitza
JaiotzaBergara1891ko maiatzaren 3a
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
HeriotzaPontevedra1960ko ekainaren 7a (69 urte) (69 urte)
Hezkuntza
HeziketaHarvard Unibertsitatea
Cornell Unibertsitatea
Hizkuntzakgaztelania
Jarduerak
Jarduerakagronomia-ingeniaria, genetista eta albaitaria
Jasotako sariak
KidetzaNatura Historiaren Espainiako Errege Elkartea

Cruz Ángel Gallastegi Unamuno (Bergara, 1891ko maiatzaren 5a - Pontevedra, 1960ko ekainaren 7a[1][2]) ingeniari agronomoa, landareen genetikalaria eta albaitaria izan zen, aitzindaria Europan arto hibridoekin esperimentatzen. Bere garaiko figura ezinbestekoa izan zen genetika aurreratu, instituzionalizatu eta sozializatzeko. Lan handia egin zuen Galiziako nekazaritza hobetu eta modernizatzeko.

Europako eta AEBetako unibertsitate gorenetan espezializatu zen landareen genetikan, munduko espezialista onenekin ikasita. AEBetatik bueltan Galizian ezarri zen, hantxe zuzendu zuen-eta Galiziako Misio Biologikoa, laborategi bat aitzindaria izan zena Europan laboreen hibridazioan.

1924an, 33 urte zituela, Elisa Fraiz y Tafall izeneko andrearekin ezkondu zen Santiagon, zeinekin bi seme-alaba izan zituen: Lourdes eta Juan Antonio. Galiziaren kultur susperraldia bilatu zuen. Horrela, Ikasketa Galegoen Mintegiko bazkide izan zen. Baita Labor Galegista kultura elkarteko kide. [3] Halaber, parte hartu zuen Partido Galeguista alderdiaren zenbait ekitalditan.

1939an Misioa CSICen eskuetara pasatu zen, Consejo Superior de Investigaciones Científicas delakora. Gerra Zibilaren ostean hainbat arazo izan zituen. Batetik, nolabaiteko jazarpen politikoa nozitu zuen, batez ere prentsa falangistaren aldetik, Errepublika garaian kargu inportante bat bete zuelako Nekazaritza Ministerioan, eta baita kausa galegistarekiko erakutsi zuen sinpatia eta hurbiltasunagatik. Gainera, bere sorkuntza kutunetako bat, Hazi Produktoreen Sindikatua, desagertu egin zen sindikatu bertikalak ezarri bezain laster. Bestetik, garai hartako ingeniari agronomo ezagunenen gutxiespena eta eraso korporatibistak jaso zituen. Nahiz eta Alemanian Ingeniaritza Agonomoa ikasi, ez zuen lortu Espainian titulua konbalidatzea. Albaitariek, ostera, bai konbalidatu zioten. Azkenik, aurre egin behar izan zien arazo ekonomikoei, izan ere, garai hartan irabazten zuen soldata urria ez zen nahikoa mantentzeko emaztea eta bi seme-alabak, zeinak Santiagon bizi baitziren, emaztearen gurasoen etxean. Horrek guztiak ia depresiora eraman zuen. 1949an, Misioan dimisioa eman, eta Valladolidera joan zen, Sardón del Duero herrira, eta bertan zuzendari teknikoa izan zen haziak saltzen zituen Prodes S.A. enpresan. Han lau urte egin zituen, oso pozik, baina enpresaren egoera finantzarioa ez zen ona, eta Misiora itzuli zen. Urte haietan urdaileko minbizia agertu zitzaion, baina lan inportanteak publikatu zituen.


Zazpi bat hizkuntza hitz egiten zituen: euskara, gaztelania, frantsesa, alemana, ingelesa, galegoa eta italiera. [4] Horrez gain, formazioa ere goi mailakoa zuenez, oso esparru espezializatuan, nazioarteko kongresu askotan hartu zuen parte, munduko genetista onenen parean. Nekazaritzaren dibulgatzaile bikaina bihurtu zen, eta bazekien zientzia eta teknologia transmititzen, beti oinarritzen baitzen bere landa-lanean, laborategietan eta Misioko ortuan egiten zuena.

Pontevedran hil zen, 1960ko ekainaren 7an. Gaur egun Galiziako Misio Biologikoak 12 hektareako lur-sail bat dauka, Pontevedrako Diputazioak CSIC erakundeari utzia, hiru eraikinekin: Pazo de Gandarón, Cruz Gallastegi eta Miguel Odriozola, bakoitza bere laborategiekin. Bergarak, Gallastegiren jaioterriak, kale bat eskaini dio. Baita Santiago de Compostela eta Pontevedra hiriek ere.

Cruz Gallastegi Hohenheimen, Alemanian

Aita nekazaritza-zale amorratua zen, eta bidali zuen Cruz semea Limoges hirira, Frantziara, han fruta-arbolen mintegi batean lan egitera. Bertan bi urte eginda, diploma bat jaso zuen Lorezaintzan eta Fruitu-Arbolazaintzan.

Handik Alemaniara joan zen, Hohenheimeko Nekazaritzako Goi Eskolara, Stuttgart ondoan, eta bertan lau urte eginda, diploma bat jaso zuen agronomo baten baliokidea.

Cruz Gallastegi Conneticut-en, Jones-ekin batera

1915ean soldadutza egin zuen Donostian, eta hurrengo urtean herrialde nordikoak bisitatu zituen. 1917ko amaieran AEBetara joan zen, aurrez denboraldi bat eginda Galizian.

Jakitun Gallastegik zelako interesa zuen landareen genetikan, Juan López Suárez zientzialariak eraman zuen gazte euskalduna Thomas H. Morgan bisitatzera, genetikalari ezaguna, eta geroago Nobel sariduna. Hark bideratu zuen Gallastegi Bussey erakundera, Harvard Unibertsitatean, bertan ikas zezan Edward E. East eta William E. Castle espezialistekin. Erakunde hartan urtebete baino gutxiago egin zuen, baina bertan ezagutu zuen Donald F. Jones graduatu berria, zeinekin harreman sendo eta iraunkorra izango baitzuen.

1918an Connecticut-era joan zen, bertako Nekazaritza Esperimentaleko Estaziora, Jones han baitzebilen lanean. Beka bati esker, han hainbat ikerketa egin zituen artoaren hibridazioaz Jones-ekin eta E.H. Jenkins zuzendariarekin.

1919an Kimika Analitikoa ikasi zuen Browning irakaslearekin, berau Yale Unibertsitatekoa, eta Landareen Patologia Whetzel irakaslearekin, berau Cornell Unibertsitatekoa. Azken unibertsitate horretan ikerketa genetikoak egin zituen gariarekin, Love irakasleak lagunduta. Uda hartan Connecticut-era itzuli zen, berriro Jones-ekin.

1920an Mexikora joan zen, eta bertan bere osaba bat bisitatu, 1921a arte.

Galiziako Misio Biologikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

AEBetatik bueltan, Gallastegi A Coruñan lehorreratu zen, handik Bergarara itzultzeko asmoz. Trena ere hartu zuen Bergarara joateko, baina, txiripaz, Monforteko tren geltokian Juan López Suárezekin topo egin, eta hark gonbidatu zuen Galiziako Misio Biologikoa (GMB) zuzentzera, erakunde bat sortu berria “ikertzeko Galizian dauden arazo biologikoak, nekazaritzakoak eta industrialak”. Santiago Ramón y Cajal, José Castillejo zientzialariek animatuta, Gallastegik onartu egin zuen proposamena. Harrezkero, Cruz Gallastegiren bizitza erabat aldatu zen, aurrerantzean Galizian garatuko zen-eta.

Santiago de Compostelan

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Santiagon, Misioaren lehen aldian

1921eko apirilaren 1ean Gallastegi Santiagora iritsi eta ezarri zen Albaitaritza Eskolan. Bertan ortu bat zeukan, hektarea erdikoa, eta hantxe hasi zen laboreak hibridatzen. Europan hura izan zen bigarren laborategia, horrelako lanak egiten zituena.

Gallastegiren hitzetan, Misioaren lehen ikerketa-lanek helburua zuten “artoaren hobetze genetikoa, Galizian produkzio handiagoak lortzeko, bukatu nahi zen-eta artoaren inportazioa. Baita gaztainadien arazoa konpontzea, Europan desagertzen ari ziren-eta, tinduaren erruz”.

Misioaren lehen aldi hartan, laborategiaren lanik handiena izan zen artoaren linea puruak lortzea, gero hibridatuak izateko. Aztertu ziren Galiziako artoaren 46 barietate eta AEBetako 26. Aldi hartan, Gallastegi etengabe zegoen harremanetan Maiscoltorako Estazioarekin, Bergamon, Italian, eta Conneticut-ekoarekin, non segitzen zuen lanean Jones haren lagunak. Ikastaroak ere antolatu zituen Misioan, esate baterako mendelismoaz eratu zuena, tokiko ikertzaile gazteak formatzeko.

1923 albaitari titulua lortu zuen, eta era horretan goi titulazio bat izan zuen, Espainian onartua. Urte berean baina, Espainiako Armada geratu zen Galiziako Misio Biologikoak Santiagon zeukan eraikinarekin. Ondorioz, Gallastegiren ikerketak kolokan geratu ziren.

Galiziako Misio Biologikoan, datuak biltzen (1950 inguru)

1927an Misioaren material guztia Pontevedrara aldatu zen, hasieran Diputazioaren eraikin batean, eta urtebete geroago Salcedoko jauregian, Carballeira de Gandaróngo Pazoan, 10 hektarea lurrekin, Pontevedrako eta Ourenseko diputazioen laguntzarekin.

Pontevedrako diputatu nagusiarekin izan zituen gorabeherak tarteko, Gallastegik birritan eman zuen dimisioa Misioko zuzendari gisa, eta gestioak egin zituen, antza, Gipuzkoako nekazaritza zerbitzuetan lan egiteko.

Gallastegi Ikasketa Galegoen Mintegiko bazkide izan zen. Baita Labor Galegista kultura elkarteko kide. Halaber, parte hartu zuen Partido Galeguista alderdiaren zenbait ekitalditan. Hala ere, alderdi gehienek babesten zuten Misioaren lana, zeinak 1931-36 urteen artean urtero 100.000 bat pezeta jasotzen baitzituen.

Hazi Produktoreen Sindikatua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1930ean Hazi Produktoreen Sindikatua sortu zuen Galiziako Misio Biologikoak, Suediako Hazien Konpainia Orokorraren ereduari jarraituz, Gallastegik ondo ezagutzen zuena. Sindikatuaren bidez, Gallastegik eta GMBk nahi zuten Galiziako nekazariei helarazi Misioan lortutako hobekuntza genetikoak, artoaren hazi berriak banatuta.

Beste horrenbeste egin zuten patatarekin. Etengabeko frogak egin zituzten inportaturiko barietateekin edo Espainiatik jasotakoekin, helburu batekin: izurriteen kontrako sendoenak lortzea. Esperimentu haien ondorioz, mildiuaren kontrako barietate sendoak lortu ziren, produktiboak eta kalitatekoak.

Horrekin batera, Hazi Produktoreen Sindikatua saiatu zen Large White arrazako txerria zabaltzen. Sail bat sortu zen sindikatuan, txerri horiek hazteko, eta hor txerrien jabeak ere bazkide ziren. Halaber, sindikatuak lan handia egin zuen pentsuak eta beste produktu batzuk banatzen. [5]

Baina, batez ere, lan izugarria egin zuen berrikuntza teknikoak zabaltzen doako buletin baten bidez, zeinaren 29 zenbaki banatu baitziren. Bertan, dibulgazio artikuluak irakur zitezkeen lurra lantzeko metodoez, izurrite eta gaixotasunez, ganaduen ernaltze, hautatze eta elikatzeaz, besteak beste.

Gerra Zibilaren ondoren, Hazi Produktoreen Sindikatua desagertu egin zen, frankismoak sortutako sindikatu bertikalaren mesedetan.

Nazioarteko kongresuak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1925ean parte hartu zuen Lugon Ekonomia Galegoari buruzko Lehen Kongresuan, eta 1926an Pontevedrako III. Nekazari Kongresuan, bertan Galiziako abelzaintzaz hitz eginez. 1927an Berlinen izan zen, Genetikari buruzko V. Nazioarteko kongresuan parte hartzen. Eta 1934an Erroman eta Milanen, Esnetegien gaineko X. Mundu Kongresuan, Espainiako Nekazaritza Ministerioa ordezkatzen.

Bigarren Errepublika

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Espainian II. Errepublika ezarri zenean, Gallastegiren figura indartu egin zen, gallegistek “ia naturaz gaindiko ahalmenak egozten baitzizkioten”. [6] Horrekin batera, gobernu zentral berriak izendatu zuen Nekazaritzaren eta Abeltzaintzaren Sustapeneko ikuskari nagusia Madrilen. Hala ere, ahal bezain laster, Misiora itzuli zen, 1935ean.

Cruz Gallastegi helduaroan

1939an Misioa CSICen eskuetara pasatu zen, Consejo Superior de Investigaciones Científicas delakora. Gerra Zibilaren ostean hainbat arazo izan zituen. Batetik, nolabaiteko jazarpen politikoa nozitu zuen, Errapublika garaian kargu inportante bat bete zuelako Nekazaritza Ministerioan, eta baita kausa galegistarekiko erakutsi zuen sinpatia eta hurbiltasunagatik. Gainera, bere sorkuntza kutunetako bat, Hazi Produzitzaileen Sindikatua, desagertu egin zen sindikatu bertikalak ezarri bezain laster. Bestetik, garai hartako ingeniari agronomo ezagunenen gutxiespena eta eraso korporatibistak jaso zituen. Nahiz eta Alemanian Ingeniaritza Agonomoa ikasi zuen, ez zuen lortu Espainian titulua konbalidatzea. Albaitariek, ostera, bai konbalidatu zioten. Azkenik, aurre egin behar izan zien arrazoi ekonomikoei, izan ere, garai hartan irabazten zuen soldata urria ez zen nahikoa mantentzeko emaztea eta bi seme-alabak, zeinak Santiagon bizi baitziren, emaztearen gurasoen etxean.

Horrek guztiak ia depresiora eraman zuen. 1949an, Misioan dimisioa eman, eta Valladolidera joan zen, Sardón del Duero herrira, eta bertan zuzendari teknikoa izan zen haziak saltzen zituen Prodes S.A. enpresan. Han lau urte egin zituen, oso pozik, baina enpresaren egoera finantzarioa ez zen ona, eta Misiora itzuli zen.

Urte haietan urdaileko minbizia agertu zitzaion. 1958an El Campo Gallego liburua kaleratu zuen. Urte berean, Revista Económica de Galicia aldizkariak ikusi zuen argia, zeinaren Zuzendaritza Kontseiluko kide baitzen Gallastegi.

Bere bizitzako azken aldian denboraldi luzeak igaro zituen Retuertako abadian, Valladoliden. Badirudi denboraldi haietan bultzatu eta aholkatu zuela Vega Sicilia upeldegia berritu zitzan lurrak eta ardoa egiteko teknikak.

Cruz Gallastegi Pontevedran hil zen, 1960ko ekainaren 7an. Haren jaioterriak, Bergarak, kale bat eskaini zion. Baita Santiago de Compostela eta Pontevedra hiriek ere.

1945ean Nekazaritzaren Merituko Ordenaren Zaldun-gurutzea eman zitzaion, eta hurrengo urtean, Alfontso X Jakintsuaren Gurutze Handia, Hezkuntza ministroak emana, José Ibañez Martínek, Salcedo jauregian.

1962an Galiziako Ekonomia-aldizkariak, zeinaren sortzailetako bat izan baitzen, ale berezi bat eskaini zion, “Homenaje a Gallastegui” lerroburuarekin.

Bergara, Pontevedra eta Santiago de Compostela hiriek kale bana eskaini zioten.

Galiziako Misio Biologikoa, gaur

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaur egun Galiziako Misio Biologikoak 12 hektareako lur-sail bat dauka, Pontevedrako Diputazioak CSIC erakundeari utzia, hiru eraikinekin: Pazo de Gandarón, Cruz Gallastegi eta Miguel Odriozola, bakoitza bere laborategiekin. Misioaren helburua hasierakoa da: ”jakintza sortzea zelako prozesu genetiko behar diren uztak hobetzeko, jakintza hori komunitate zientifikoari eta sektoreari transmititzeko”. [7]

Cruz Gallastegiren liburuak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Gallastegi Unamuno, C. (1921): Cómo se debe hacer la selección en el maíz, Lugo: Ed. Ronsel.
  • Gallastegi Unamuno, C. (1927): Métodos para aumentar las producciones del maíz, Pontevedra: Dip. Pontevedra, Impr. Peón Villar.
  • Gallastegi Unamuno, C. (1931): Esbozo de un programa agrario para Galicia, Pontevedra: Impr. Peón Villar.
  • Gallastegi Unamuno, C. (1932): Las posibilidades de la economía ganadera de Galicia, Pontevedra: J.A.E., Misión Biológica de Galicia.
  • Gallastegi Unamuno, C. (1958): El campo gallego, Buenos Aires: Ed. Citania.
  • Barreiro Gil, X. (1979): D. Cruz Gallastegui Unamuno (1891-1960), Rev. Gal. Est. Agrarios, 2 : 269-277.
  • Beramendi, J. (2007): De provincia a nación: historia do galeguismo político. Ed. Xerais.
  • Cabo Villaverde, M. (1997): O labor da Misión Biolóxica de Pontevedra ata 1936 e a reforma da agricultura galega en Cruz Gallástegui Unamuno,Cuad. Est. Gallegos, XLIV, 109: 104-152.
  • Díaz-Fierros, F. (1984): Gallástegui: un home de ciencia para Galicia, Ciencias, 3 dec. 1984: 4-13.
  • Mangelsdorf, P.C. (1975): Donald Forsha Jones (1890-1963), Nat. Ac. Sciences, Washington. D.C.
  • Odriozola, A. (1963): Bibliografía de Don Cruz Gallástegui, Rev. Econ. Gal., V (xaneiro-decembro), 25-30.
  • Ordás, A. (2010): Gallástegui: El nacimiento de la genética en España, Rev.Gal. Ciencias, XXIX: 207-232.
  • Portela Vázquez, A. (2016): Misión Gallástegui. La mejora genética agropecuaria. Ed. Autor.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. (Gaztelaniaz) José Manuel Etxaniz Makazaga: Cruz Gallastegui Unamuno
  2. (Gaztelaniaz) Bergarako Udala: Gallastegui Unamuno, Cruz Ángel
  3. G., Beramendi, Justo. (2007). De provincia a nación : historia do galeguismo político. Edicións Xerais de Galicia ISBN 9788497826402. PMC 182735663. (Noiz kontsultatua: 2018-09-17).
  4. «Gallastegi Unamuno, Cruz Anjel | Bergarako Udala» www.bergara.eus (Noiz kontsultatua: 2018-09-17).
  5. (Galizieraz) «Cruz Gallástegui Unamuno no Álbum da ciencia» consellodacultura.org (Noiz kontsultatua: 2018-10-04).
  6. Cabo Villaverde, Miguel. (1997). «O labor da Misión Biolóxica de Pontevedra ata 1936 e a reforma da agricultura galega en Cruz Gallástegui Unamuno» Cuadernos de estudios gallegos 44 (109) ISSN 0210-847X..
  7. Internet, Unidad Editorial. «La Misión Biológica de Galicia cumple este viernes 90 años | Galicia | elmundo.es» www.elmundo.es (Noiz kontsultatua: 2018-09-17).

Kanpo loturak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]